Bai Euskarari Ziurtagiria Bortzirietan

Kontseiluak 2000. urtean sortu zuen Bai Euskarari Ziurtagiria, arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko tresna. Bertara biltzen diren entitateek euskarak garapen osoa izan dezan hartzen dituzte konpromisoak, eta euskararen etorkizuna ziurtatzeko borondatea azaltzen dute.

Bortzirietan 2004an abiatu zen prozesu hau, Euskara Mankomunitatearen bitartez. Bortzirietako herritarrek harrera ezin hobea egin diote Bai Euskarari Ziurtagiriari; eta, zehatzago, eskualdeko gizarte eragileen artean egitasmoak arrakasta handia izan duela erraten ahal dugu: urte hauetan Bortzirietan 100dik goiti dira Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu duten entitateak, eta euskara normalizatzeko konpromisoak hartu dituzte.

Izan ere, horixe da egitasmo honen funtsa: entitate bakoitzak euskara normalizatzeko neurri zehatzak eta borondatezkoak hartzea, jakina, bere autonomiaren kalterik gabe. Ziurtagiria dutenek euren jardueretan euskara txertatuta, kudeaketari plus baliotsua eransten diote eta gizartearekin erantzunkizunez jokatzen dute.

Urte hauetan esperientzia handia lortu da Bai Euskarari Ziurtagiriaren kudeaketan. Horregatik, Kontseiluak 2007. urtean Ziurtagiriaren Elkartea sortu zuen. Ziurtagiriaren Elkartearen bidez proiektua indartu, hobetu eta hedatzeko pausoa eman da, gizartearen aurrean erreferentzialtasuna izango duen egitura eratuz eta sendotuz.

Ziurtagiriaren Elkarteak, aurrez zehaztutako irizpide batzuen arabera, Bai Euskarari Ziurtagiria duten entitateak euskararen normalizazio prozesu bat garatzen ari direla egiaztatzen du eta, horrez gainera, entitateen lana aitortu eta jende aurrean kreditatzen duen bereizgarria eskaintzen die.

ZIURTAGIRIAREN MAILAK

  • Zerbitzua eta lana euskaraz: Zerbitzua euskaraz eskaini eta euskara lan hizkuntzatzat duten enpresei, saltokiei eta era guztietako entitateei zuzendua.
  • Zerbitzua euskaraz: Zerbitzua euskaraz eskaintzen duten enpresei, saltokiei eta era guztietako entitateei zuzendua.
  • Bidean: Euskararen normalizaziorako neurriak hartzen eta garatzen ari diren enpresei, saltokiei eta era guztietako entitateei zuzendua.
  • Bai Euskarari Ziurtagiriaren ‘zerbitzua euskaraz’ eta ‘zerbitzua eta lana euskaraz’ mailak eskuratzeko baldintzak bost irizpide hauetan laburbiltzen dira:
    1. Langileen hizkuntza gaitasuna
    2. Irudi korporatiboa eta hizkuntza paisaia
    3. Kanpo harremanak
    4. Barne harremanak eta
    5. Programa informatikoak. Zehazten diren baldintzak betetzera iritsi ezean, ‘bidean’ maila dagokio entitateari.
NOLA ESKURATU

Lehenik eta behin hizkuntza egoeraren azterketa egin beharra dago. Hortik abiatuta, urtean zehar garatu nahi diren helburuak proposatu behar dira, hau da, urteko planifikazioa egin behar da. Horretarako, Ziurtagiriaren Elkarteak hizkuntza egoera aztertzeko eta planifikatzeko tresna bat eskaintzen du eta hori Euskara Mankomunitateko teknikariaren laguntzaz betetzen da. Hartutako neurriak bete daitezen laguntzeko asmoz, Ziurtagiriaren Elkarteak eta Euskara Mankomunitateak elkarlanean, lagungarri diren baliabideei buruzko informazioa jartzen dute eskura: dirulaguntza deialdiak, euskaraz aritzen diren profesionalen gida, aholkularitzak, euskarazko dokumentu eta inprimakiak, etab. Bai Euskarari Ziurtagiria urtero berritu behar da eta, ordaindu beharreko kuotari esker (2008an 80,25 €ko oinarria, gehi 12,25 € langile bakoitzeko. Prezio bereziak daude irabazi asmorik gabeko entitateentzat eta administrazioak parte hartzen duen entitateentzat), Ziurtagiriaren Elkarteak jarraipen, ebaluazio eta promozio lanak egiten ditu: komunikazio kanpainak, artikuluak, hitzaldiak, banaketa ekitaldiak, etab.

NORK DU

Bai Euskarari Ziurtagiria Euskal Herri osoan zehar banatuta dago eta hedapena etengabekoa da. Aipatzekoa da aniztasun handia dagoela, alor sozioekonomikoaren jarduera guztietako entitateak baitaude. Hona hemen adibide batzuk:

Bankoa, Elkargi, Euskadiko Kutxa, Gipuzkoa Donostia Kutxa, Eroski, Athletic Club Bilbao, Real Sociedad, Saski Baskonia, Miramon KutxaGunea, Hotel Restaurante Argiñano, La Casa del Café, Gaiker Fundazioa, Elay Taldea, BATZ, VUSA, Arlan, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, Hobetuz, SPRI, Getariako Txakolina, Kalitatea Fundazioa, Energiaren Euskal Erakundea, Vista Alegre Zezen Plaza, Skunk Funk, Atzegi, Gehitu, Donostiako Orfeoia eta abar.