Euskararen normalizaziorako hartu beharreko neurriek oinarri sendoa izan dezaten, ezinbertzekoa da egoeraren berri xehea izatea. Horretarako egiten da ikerketa soziolinguistikoa. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak hainbat adierazleren bilakaerari erreparatzen dio.
Nafarroan egiten den zentsuaren jarraipena egiten du euskara zerbitzuak (bertatik lortzen dira euskara gaitasunari, ama hizkuntzari eta etxeko erabilerari buruzko datuak). 2006an Nafarroako Gobernuak ez zuen euskararen inguruko galderarik egin, eta 2011n egindako ikerketaren emaitzak ez ditugu oraindik esku artean.
Ezagutza eta transmisioa Bortzirietan
Horrez gain, euskara zerbitzuak bi urtean behin euskararen erabileraren karrikako neurketa egiten du Bortzirietako herrietan, eta, gisa horretara, erabilera mailaren bilakaerari buruzko informazioa jasotzen du. 5 urtean behin Euskal Herriko kale erabileraren neurketarekin batera egiten da, eta erabiltzen den metodologia berbera da.
Kale erabileraren neurketa 2011
Bertzalde, urtero, Bortzirietako ikastetxeetan izan diren matrikulazio datuak jasotzen ditu euskara zerbitzuak. Hartara, irakaskuntza eredu bakoitzean izan diren matrikulazio datuak jarraitzen ahal ditu.
Ikastereduen bilakaera Bortzirietan 2011-2012
1999an, euskararen inguruko jarrera sozialen berri izateko ikerketa kualitatiboa egitea erabaki zuten Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Baztango Udalak eta Malerrekako Oinarrizko Zerbitzu Orokorren Mankomunitateak. Iruñeko Taller de Soziologia enpresari egokitu zitzaion zeregin hori, eta Euskararen Unibertsoa Baztan, Bortziriak eta Malerrekan 1999 du izenburu lan mardul horrek.
Euskararen unibertsoa Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan 1999
Azken urteotan euskara zerbitzuak bildu dituen datu eta adierazle guzti horien irakurketa egiteko, Bortzirietako bilakaera soziolinguistikoaren azterketa egin du Soziolinguistika Klusterrak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak hala eskatuta.
Bortzirietako bilakaera soziolinguistikoaren azterketa 2006
Euskarazko unibertsitate eskaintza eskasarekin kezkatuta, euskara mankomunitateak Bortzirietako gazteei eta unibertsitateari buruz ikerketa egitea eskatu dio Aztiker ikerketa enpresari. Emaitzek agerian utzi dute gazteen nahia euren unibertsitate ikasketak euskaraz egiteko.
Unibertsitatea eta euskara Bortzirietan 2007
Mankomunitateak eginarazi duen azkeneko ikerketa helduen alfabetatzeari buruzkoa izan da. Nafarroako iparraldeko euskara zerbitzuek herritarrek gai honen inguruan duten iritzia ezagutu nahi izan dugu, eta, ikasitakoa, gure kanpainak eta esku hartzeak gidatzeko erabili dugu. Ikerketaren egilean Aztiker ikerketa enpresa izan da.
Alfabetatzeari buruzko joerak eta hautemateak Nafarroako Mendialdean 2011