“Ongi etorri! Hemen euskaraz bizi gara” turistentzako argitalpen berritua

Bortziriak, Malerreka eta Baztango euskara zerbitzuek turistei eskualde hauetako hizkuntza errealitatearen berri emateko argitalpen berritua bi formatutan argitaratu dute: paperean eta pdf interaktibo moduan. Uda aitzinetik zabalduko da hiru eskualdeetako turismo bulego eta toki turistiko garrantzitsuenen bitartez. 

 

Aitzineko edizioarekin ondorioztatu ahal izan zen, euskara zerbitzuez gainera, turismo arloko eragileek gisa honetako argitalpenaren beharra ikusi dutela. Izan ere, eskualde hauetako promozio turistikoa lantzen denean, bertako paisaia, baliabideak, kultura, ohiturak eta tokiak kontuan hartzen dira, baina ez da berdin jokatzen hizkuntzarekin; eta euskara ere bada Baztan, Malerreka eta Bortzirien marka. Hortaz, gabezia horri aurre egin nahian prestatu dute argitalpen hau.

Bi euskarri: paperekoa eta digitala

Orain dela urte batzuk Baztango, Bortzirietako eta Malerrekako euskara zerbitzuek elkarlanean prestatu zuten Ongi etorri! Hemen euskaraz bizi gara izeneko argitalpenaren oinordekoa da oraingo hau. Izenburuari eusteaz gainera, papereko formatuari ere eutsi diote, eta berrikuntza modura pdf interaktiboa ere prestatu dute, argitalpena edozein gailutan modu errazean deskargatu eta erabiltzeko moduan.

Testuak eta hiztegitxoak hainbat hizkuntzatan

Argitalpenak Baztan, Bortziriak eta Malerrekako hizkuntza errealitatearen berri ematen duen azalpentxo bat dakar euskaraz, gazteleraz, frantsesez, katalanez eta ingeleraz. Azalpen horretan azpimarratzen da eskualde hauetan euskara hizkuntza bizia dela, eta horrez gain bisitariei ahal duten neurrian euskara erabiltzeko gonbita egiten zaie. Horretarako oinarrizko hiztegi bat erantsi da, gaztelera, frantsesa, katalana eta ingelerara itzulia. Horrekin batera QR kode bat agertzen da, eta lotura horren bitartez euskarako hiztegia hizkuntza gehiagotara itzulia aurki daiteke (eta alderantziz).

Argitalpenaren banaketa

Argitalpen honen 20.000 ale egin dira, eta ekainetik aitzinera hiru eskualdeetako turismo bulego eta toki turistiko garrantzitsuenetan egonen da. Edozein kasutan, turismo arloko edozein eragilek argitalpenaren ale batzuk eskuratu nahiko balitu, nahikoa luke hiru eskualdeetako edozein euskara zerbitzurekin harremanetan jartzearekin. Uraren Bailarak eta Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak ere banaketarekin lagunduko dute.

OngiEtorri_PDF_INTERAKTIBOA