BORTZIRIETAKO EUSKARAZ BIZI NAHI DUT LASTERKETA LARUNBATEAN ARANTZAN

Ortziralean, 19:00etan, Jakoba Errekondoren solasaldia egonen da Baskulan

Jakoba Errekondo Arantzan izanen dugu ostiralean. Aspalditik entzuten dugu Euskadi Irratian solasten, baratze kontuei buruz normalean. Hitzaldia emanen du, baina ikus-entzuleen galderei luze eta zabal erantzuteko gogoz etorriko da. Aurten argitaratu duen Bizi baratzea liburu arrakastatsua izanen du hizpide, usurbildarra are mediatikoago bilakatu duena. Baskulan izanen da hitzaldia, arratsaldeko 7etatik aitzinera.

Larunbat goizean, Euskaraz Bizi Nahi Dut lasterketa

Euskaraz Bizi Nahi Dut dinamika Arantzara iritsiko da larunbatean. Kontseiluak bultzatutako ideia 2012an ospatu zen lehen aldiz Euskal Herriko hainbat txokotan, eta Bortzirietan ere bai. Iazko antolatzaile Igantzik lekukoa pasako dio Arantzari, beraz.

Euskara eta kirola uztartzea du helburu ekimen honek. Goizeko 11etan izena emateko tartea irekiko da, Herriko Plazan. 11:15ean, Ana Larretxeak gidatuko ditu parte-hartzaileen beroketa-ariketak, lasterketan zehar ez dadin ezusteko lesiorik egon. Bi lasterketa mota antolatu dituzte Arantzan. Lehenengoan, herrikoi edo parte-hartzailean, lasai ederrean eginen dituzte korrikalariek plazatik Larreta auzora joan-etorrian dauden 1200 metro inguruak, ume zein heldu, lasterka nahiz oinez, inongo presiorik gabe. Segidan, 4,4 kilometro luzeko ibilbide malkartsuari aurre egin beharko diote kirolari lehiakorragoek.

Arantzako Euskara Batzordeak antolatu du aurtengo lasterketa. Hala ere, herriko eragile desberdinek ere lagundu dute, modu batera edo bestera: Gazte Asanbladak, Ekaitza elkarteak eta eskolako guraso elkarteak. Hain zuzen azken hauek ostatu txikia muntatuko dute Herriko Plazan, lasterketa amaitu ondoren denei otamena eskaintzeko; tortila pintxo eta edariak ez dira faltako.

Ondoren, parte-hartzaileen dortsal zenbakiak probestuz, hamaika opari zozkatuko dira. Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakari ohi Ander Almandozek eginen ditu aurkezle eta dinamizatzaile lanak goiz oso zehar.