Aurten urrats erabakigarria egin du mankomunitateak euskara ikasteko eskubidea herritar guztien eskura paratzeko; 2016-2017 ikasturtetik aurrera euskara ikastea debalde izanen da Bortzirietan. Euskararen irakaskuntza errazteko babes instituzional eta konpromiso sendo hau eredu izaten ahal da Nafarroako bertze entitate batzuek antzeko neurriak har ditzaten. Bidenabar, helduaroan euskara debalde ikasteko eskubidea ziurtatuta arlo honetan gaztelaniarekiko desabantaila gainditze bidean izanen gara. Horrez gain, bertze herrialde batzuetan abian diren eredu aitzindari eta arrakastatsuekin bat eginen dugu geurean ere. Erraterako, badira urteak Katalunian katalana ikastea doakoa dela.