Aurtengo mintzodromoa Lesakan izanen da

Abenduaren 1ean izanen da, Harriondoan, 10:00etan hasita. Izena emateko epea azaroaren 16tik 28ra izanen da.

Hona hemen aurkezpen prentsaurrekoaren ondoren zabaldu dugun prentsa oharra:

Aurten ere SAREUSKA egitasmoaren baitan laugarren Mintzodromoa izanen da Euskararen Egunaren harira

  • Laugarren edizioa da aurtengoa eta Lesakan eginen da.
  • Euskal Kulturako aurpegi ezagunak izanen ditugu gonbidatuen artean.
  • Lesakako Harriondoa Kultur Etxea euskaren arnas gune bilakatuko da.

2014ko irailaren 19an Hego Lapurdiko Hiriguneak (orain Euskal Elkargoko Hego Lapurdi lurralde eremua denak), Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Bidaso Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak SAREUSKA, euskararen sarea sortu zuten. SAREUSKA egitasmoaren xede nagusia Bidasoaz bi aldeetako eskualdeetan euskararen erabilera bultzatzea eta dinamizatzea da. Helburua lantzearren 2017. urtera bitarteko plangintza garatu dute eta MINTZODROMOA, bertan kokatzen den egitasmoetariko bat da.

Aurten ere SAREUSKA egitasmoaren baitan Mintzodromoa antolatu da Euskararen Nazioarteko Egunaren harira eta Mintzodromoaren IV. edizioa Lesakako Harriondoa Kultur Etxean eginen da abenduaren 1ean, goizeko 10:00 eta 12:30 bitartean.

Bertaratutakoak, tokian tokiko zein egunerokotasuneko gaien inguruan mintzatuko dira mahai baten bueltan lauko taldetxoetan eta giro xamur eta lagunartekoan. Hiru gai ezberdin proposatuko dira 15 minutuz mintzagai gisa eta hizketalditxo hauetariko bakoitza, lagun talde ezberdinarekin eginen dute. Ekimenaren dinamizazioaz Joseba Olagarai ETBko kazetaria arduratuko da. Eta  euskal kulturako pertsonaia ezagunek parte hartuko dute ekimenean: Joseba Irazoki musikaria, Mikel Taberna idazlea, eta Julen Zelaieta eta Eneko Fernadez bertsolariak bertzeak bertze. 

Hau horrela, haiekin solasean aritzeko eta haiek ezagutzeko aukera ere izanen da.  Giroa eta parte-hartzea bultzatzeko, hamaiketako goxo baten aitzakia ere izanen  da.

Ekimenaren helburua finean, euskaraz mintzatzeko aukera bat gehiago eskaintzea da, batez ere euskara ikasten ari direnei, praktikarako jauzia egin dezaten. Baina era berean euskaldunen arteko harreman sareak ehuntzea ere bilatzen da ekimenarekin. Izan ere, Mintzodromoan parte hartu ondotik, bertan egindako lagun berriekin, euskaraz erlazionatzeko joera biderkatu baitaiteke. Eta modu honetan euskaldun zahar eta berrien arteko igurtziak areagotzeko aukerak ere.

SAREUSKAK Mintzodromoan parte hartzeko deialdi berezia egin nahi  die Bortziriak,  Hego Lapurdi eta Irun-Hondarribiko euskaltegietako ikasle eta irakasleei eta baita mintzapraktika programetako parte-hartzaileei ere.  Hala ere, ekimena guztiz irekia da eta edozein euskaltzaleri zuzenduta eta irekia dagoela azpimarratu nahi dute.

Izena emateko aukera aipatutako tokietako euskara zerbitzuetan eta baita euskaltegietan ere izanen da, Eta Hondarribia eta Irundik ekimenera joateko autobus zerbitzua egonen da.

Toki hauetan guztietan izena emateko aukera izanen da azaroaren 16-28a bitartean eta ekimena doakoa da.

Erran

Diario de Noticias

Diario Vasco