‘Bertatik bertara’ kanpaina abiaraziko du aurten ere UEMAk udan, zerbitzu sektorean euskara areagotzeko.
Ekainaren erdialdetik irailaren erdialdera izanen da kanpaina, bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko. Horretarako hainbat baliabide eskainiko ditu UEMAk, eta iaz bezala 300.000 mahai-gaineko inguru banatuko ditu ostalarien artean. Bortzirietako udalek eta euskara mankomunitateak ere bat egin du kanpaina honekin, eta bertako establezimendu eta ostatuetan euskarriak eta informazioa zabaldu ditu.
Bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi du aurten ere UEMAk Bertatik Bertara kanpainarekin, ekimenean parte hartuko duten udalekin eta gainerako eragileekin batera.
Bisitarientzat eta zerbitzu sektorearentzat hainbat baliabide prestatu ditu, eta ekainaren erdialdetik aurrera erabilgarri izanen dira guztiak: udalen webguneetarako eta sare sozialetarako bannerrak eta testuak, tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai gainekoak, sentsibilizazio bideoak, zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia, bertzeak bertze.
Zerbitzu sektoreari zuzendutako mezua
Bertako hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbertzeko osagaia dela gogoratu nahi die kanpainak zerbitzu sektoreko arduradunei. Izan ere, jakinarazi zaien moduan, “aunitzetan bertako hizkuntza alde batera uzten dugu, bisitariei arreta erdaretatik eskainita. Ez du zentzurik, egindako inkestek eta ikerketek argi erakusten baitute bisitari aunitz espresuki etortzen dela udalerri euskaldunetara, eta euskara ikustea eta entzutea gustukoa dutela”.
Merkatariak eta ostalariak sentsibilizatzeko sortutako bideoan, zehazki, UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak udaberrian landu duten Arnasa Gara kanpainaren baitako Euskara da gure postalik ederrena bideoa erabili dute. I
Kanpainaren berri emateko, UEMAko kide diren herrietako merkatariei eta ostalariei helarazi zaie ekimenaren berri. Merkataritza zerbitzua UEMAk eskaintzen duen herrietan, posta arruntez jaso dute informazioa 2.000 biztanletik beherako herrietan (gure kasuan Arantza, Etxalar eta Igantzikoek). 2.000 biztanle baino gehiagoko herrietan, berriz, udalak arduratu dira informazio orriak banatzeaz (hau da, Lesaka eta Beran). Eskuorria, gainera, denda, taberna eta jatetxeen ate edo erakusleihoetan itsasteko moduan diseinatu dute, eta euskaraz aritzeko oinarrizko hiztegira ere bideratzen ditu bisitariak, QR kodearekin:
Era berean, kanpainaren berri emateko spota ere prestatu du UEMAk, bisitariek taberna eta jatetxeetan aurkituko duten mahai-gainekoaren testuarekin.