Abian da berriz ere Solasean, hizkuntzaren errefortzurako aisialdiko programa, euskaraz ikasteko zailtasunak dituzten haurrei zuzendua dagoena. Ikuspegi ludikotik eta ahozkotasuna landuz egiten da hizkuntzaren errefortzua, eta haur hauentzat euskara komunikazio tresna bihurtzea eta euskaraz komunikatzeko trebetasunak lortzea da helburua. Horrez gain, herriko bizitzan euskaraz murgiltzeko baliabideak eskaini nahi zaizkie.
Izen eman duten familiekin aurkezpen bileran eginen dira urriaren 5ean, 17:30ean Lesakan, udalak Koskontako Bideko 2-2an duen lokalean, eta 19:00etan Beran, kultur etxeko erakusketa gelan.
Programa hau 2020-2021 ikasturtean jarri zuen abian Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta geroztik jarraipena izan du. Beran eta Lesakan talde bana aritzen dira, ikasturteko egutegiari jarraituz, bi begiralek gidatuta. Aurtengoan 12 neska-mutiko hasiko dira Lesakako taldean, eta 9 Berakoan.
Mankomunitateak antolatzen du jarduera hau eta Nafarroako Euskaltzaleen Topagunean kudeatzen du. Aurten, lehen aldiz, Nafarroako Gobernuak finantzatu du % 100ean.