Nafarroako Bertso Eskolak bultzatzeko kanpaina abian

Euskara mankomunitateak, eranafarroa.eus webgunean bultzatzen duten gainerako toki entitateekin batera, Nafarroako Bertso Eskolak ezagutzera emateko kanpaina jarri du martxan, Nafarroako Bertsozale Elkartearekin elkarlanean.

Kanpainaren helburua da haur eta gaztetxoei, baita haien familiei ere, bertso eskola ezagutzera ematea. Euskaraz eta euskaratik gozatzeko aukera paregabea ematen dien jarduera da. Bertan bertsolaritzaren oinarrietan sakondu eta sortzeko gaitasuna bultzatzen da. Ideiak hitzetara eramaten dira, eta horiek metrikara. Pentsamendu kritikoa ere lantzen da eta autoestimua hobetzeko aski jarduera lagungarria da, jendaurrean aritzeko trebetasunak jorratzen baitira bertsoaren bidez. Bertso eskolen oinarrian euskara dago beti, eta hortaz hizkuntzaren gaitasunean eta erabileran sakontzeko aukera ezin hobea eskaintzen du jarduera honek. Horrez gain, euskal kulturan eta historian murgiltzeko modua ere ematen du. Ingurune euskaldun batean bizi diren gaztetxoentzat ez ezik, etxean, lagunartean edo kalean euskaraz aritzeko aukera gutxiago dutenentzat lagunartean hizkuntzarekin gozatzeko eta ongi pasatzeko jarduera aproposa da. Gainera, hori guzia ikuspegi ludikotik, gozamenean oinarrituta eta jolasaren bidez egiten dute. Nafarroako bertso- eskoletako ikasleak aldian-aldian elkartzen dira Bertsozale Elkarteak antolatzen dituen udaleku, topaketa, txapelketa eta beste hamaika ekintzatan.

Gure eskualdean Bortzirietako Bertso Eskola arduratzen da jarduera honetaz. 2024-2025 ikasturtean 8 urtetik goitiko herritarrek izen eman ahalko dute. Arantza, Etxalar eta Igantzin 8-13 urte bitarteko gaztetxoak apuntatzen ahal dira. Beran bi talde bereziko dira adinaren arabera, bat 8-13 urte bitartekoena eta bertzea 14-17 urte bitartekoena. Lesakan aukera zabalagoa izanen da: 8-12 urte bitartekoen taldea, 12-13 urte bitartekoena, 14-17 urte bitartekoena, 18-23 urte bitartekoena eta helduen taldearena.

Izen ematea irailaren 20 baino lehen egin behar da, formulario honen bitartez.

https://eranafarroa.eus/bertso-eskola-bete-beteko-jarduera/