Bortzirietako Euskara Mankomunitateak joan den urtean Bortzirietako bilakaera soziolinguistikoari buruzko txostena osatu zuen. Lan horren garapena da berriki BAT soziolinguistika aldizkarian argitaratu den artikulua.
Bortzirietako Euskararen III. Plan Estrategikoa lantzen hasiko da Euskara Mankomunitatea laster batean, eta egoeraren diagnostikoa egiteko eta heldu den urteotarako lehentasunak eta lan ildoak begiz jotzeko saiakera egiten da argitaratu berri den artikuluan.
Deskribapena
Xedea da Bortzirietako bilakaera soziolinguistikoaren azterketa egitea, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen III. Plan Estrategikoa lantzear den honetan. Horrez gain, Nafarroako udalerri euskaldunentzat erabilgarria izaten ahal den diagnostiko eredu edo marko bat proposatu nahi da. Euskararen Adierazle Sistemaren eskemari jarraiki, honako gai hauek lantzen dira: datu soziodemografikoak, euskara gaitasuna, lehen hizkuntza, hezkuntzako hizkuntza ereduak, helduen euskalduntze-alfabetatzea, euskararen erabilera, eta euskara sustatzeari buruzko jarrerak. Ikerketa edo adierazle aldetik dauden hutsune eta beharrak azaleratzen dira, eta, ondorioetan, azterketaren emaitzek iradokitzen dituzten lehentasun edo eragin eremuak aipatzen dira, plan estrategiko berria osatzerakoan aintzat hartzeko.