Mankomunitateak 2026-2031 urteetarako prestatzen ari den plan estrategikoa osatzeko helburuarekin egin du parte hartze prozesu hau. Hasierako asmoaren arabera, udaberrian hasi eta bukatu behar ziren aurreikusitako saio guziak. Baina horien balorazioa egiterakoan bertze parte hartze saio baten beharra ikusi da, eta hori irailaren 13an egitea erabaki du mankomunitateak.
Saio horretara deituak daude udaberrian egin den prozesuan parte hartu duten eragile guziak, norbanakoak nahiz kolektiboak, hala galdetegiari erantzunez parte hartu dutenak nola saioetan eta bileretan parte hartu dutenak, baita parte hartzeko borondatea izan dezakeen edozein. Saioaren helburuak honakoak dira:
- 2026-2031 urteetarako prestatu den planaren zirriborroa aurkeztea.
- Udaberriko parte hartze prozesuan atera diren ideiak, asmoak, lan ildoak… zein eragilek garatuko dituen erabakitzea.
Irailaren hasieran saioaren zehaztasun guziak emanen dira eta izen emateko epea zabalduko da. Halere, dei egiten zaie interesa izaten ahal duten norbanako eta eragile guziei beren agendetan irailaren 13ko (larunbata) goiza saio honetarako gorde dezaten. Saioa Igantziko Baratzondo elkartean izanen da.