Bortzirietako Euskaltegian eta helduen ikastegietan matrikulatzeko epea irekiko den honetan, euskara mankomunitateak matrikulazioen eta dirulaguntzen azken urteotako bilakaerari buruzko informazioa partekatu nahi du eragile zein herritarrekin. Hartara, euskara ez dakiten herritarrak euskaltegian izen ematera gonbidatu nahi ditu, baita herritar guziak ere, oro har, euren euskara maila landu dezaten. Bortzirietako Euskaltegian izen emateko epea irailaren 1etik 30era egonen da irekita eta euskara ikasleek dirulaguntza eskatzeko lehenbiziko epea urriaren 10era arte.
2016an Bortzirietako Euskara Mankomunitateak dirulaguntza sistema berria jarri zuen abian, doakotasuna helburu duena. Harrez geroztik, izen emateetan beheranzko joera eten zen eta gorabeherak izan badira ere, oro har, azken hamarkadan izen emateek goiti egin dute. Nabarmentzeko da sustraian eskualdetik urrun dituzten herritar aunitzek eman duela euskara ikasteko urratsa azken urteotan. Euskara ikasteko interesa eta gogoa herritar gehiagorengan piztu izana poztekoa bada ere, bereziki euskara euren harreman eta familia ingurunean ez duten herritarrengana ailegatu nahi dugu abiatzear den matrikulazio aldi honetan, baita zaurgarrienengana ere.
Aurten, Bortzirietako Euskaltegiak berariaz eginen duen matrikulazio kanpaina indartzeko honako jarduera eta ekitaldiak aurreikusi ditu euskara mankomunitateak:
- Irailean zehar udalek bandoa zabalduko dute udalerrian barrena.
- Irailaren 15ean, prentsaurrekoa eginen dute mankomunitateko ordezkariek Bortzirietako euskaltegi irakasle eta ikasleekin, Beran, Beralandetan, 11:30ean.
- Irailaren 19an, Maite Larbururen kontzertua izanen da Beran, Kultur Etxean, 20:00etan.
- Irailaren akabailan, euskara mankomunitateak mezua bidaliko die ikastetxe eta guraso elkarteei matrikulazioari eta dirulaguntzei buruzko informazioa euren sarren bidez zabal dezaten.
Asteotan euskara mankomunitatea 2026-2031 urte bitarteko euskararen plan estrategikoa prestatzen ari da. Eragile eta herritarrekin izan ditugun elkarrizketetatik honako ondorio hauek atera ditugu helduen euskalduntzeari dagokion: euskara euren ingurunetik urrunago duten herritarrentzat eta bereziki immigrazioko jatorria dutenentzat informazioa irisgarriago egin behar dugu. Euskara mankomunitateak abian duen dirulaguntza sistemaren ezaugarriak aski ezagunak direla uste izan dugu azken urteotan, doakotasuna helburu duen sistema abiatzek dezenteko oihartzun komunikatiboa izan baitzuen. Ordea, bizilagun berriak ailegatu dira gurera, eta ohartu gara aunitzek ez dakitela Bortzirietako euskara ikasteko dirulaguntzen berezitasunen berri: bertaratze eta aprobetxamendu baldintza batzuk betez gero euskara ikasteko dirulaguntza % 100koa da, eta dirulaguntzaren zatirik handiena ikasturtea hasi eta denbora gutira hartzen ahal da. Euskal Herrian adibide bakanetakoa da, eta euskara mankomunitateak bide hori hartu zuen euskara ikastea herritar guzion eskubidea delako eta ondorioz doakoa beharko lukeelako.
Deialdiaren ezaugarri nagusiak aletuko ditugu jarraian:
- Bortzirietan erroldatuta dauden ikasleen ohiko euskara ikastaroak % 100ean diruz laguntzen dira. Ikastaro hori hartzen deneko helduen euskalduntzeko ikastegiak ez du zertan Bortzirietan egon.
- Dirulaguntzaren muga 700 € da ikastaro bakoitzeko.
- Urtean zehar ikastaro bat baino gehiago egiten ahal da, erraterako, ohiko ikastaroa eta barnetegi bat.
- Zenbateko osoa hartzeko % 85eko bertaratzea gainditu behar da. Arrazoitutako 14 huts egite egiten ahal dira, alegia, horiek ez dute huts egite bezala kontatzen. Jende aunitzek laneko egoera ezegonkorrak ditu (ordutegi aldaketak, luzatzeak, iraupen laburreko lanak eta ordutegi aldaketa dakarren lan berri batean hastea, etab.), eta baldintza zaila irudi lezake betetzeko. Hala ere, kontuan izan behar da % 50eko bertaratzea gaindituta, dirulaguntzaren % 75 hartzen ahal dela. Beraz, lan egoera eragozpena den kasuetan ere, aukera bada dirulaguntzaren zatirik handiena hartzeko. Konparazio batera, 350 €ko kostua duen ikastaro bategatik, % 50etik % 85era bitarteko bertaratze mailarekin, ikasleak 262,50 € jasoko lituzke, eta bere sakelatik paratu behar lituzke 87,50 €. Mankomunitatearen asmoa da aurrerantzean dirulaguntza sistema garatzen joatean kalteberak diren herritarrek euskara ikasteko oztopoak izan ez ditzaten. Egoera zaurgarria dela eta baldintza hauek betetzea zaila den herritarren kasuan, alternatibak aztertzeko prest geundeke.
- Euskara mankomunitateak euskara ikasteko ematen duen dirulaguntzaren bertze ezaugarri bereizgarria honakoa da, zatirik handiena (% 75) ikasturtea hasi eta agudo xamar (azaro-abenduan) ordaintzen zaiela ikasleei, hala eskatzen badute. Dirulaguntza aitzinatzea doakotasunera hurbiltzeko neurria da. Egia da ikasleak ikastaroaren ordainketa osoa egin behar duela urrian eta ordainagiri hori erakutsi behar diola mankomunitateari dirulaguntza eskatzeko. Baina Bortzirietako Euskaltegiak kasuan kasuko neurriak hartzen ditu, ikasturte hasierako ordainketa hori sobera bada ikaslearentzat, hasierako ordainketa hori errazteko.
- Eskaera telematikoa edo orain arte ohikoak izan diren bideetatik egiten ahal da. Bi kasuetan, euskara mankomunitatean eta euskaltegiaren laguntza izanen du euskara ikasleak, izapidea garaiz eta behar bezala egin ahal izateko.
Herritarrek euskara ikasteko dirulaguntza eskatzen ahal dute euskara mankomunitatean. Lehenbiziko epea irekita egonen da irailaren 1etik urriaren 10era. Informazio guztia hemen.