Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakariak eta Bortzirietako Euskaltegiko irakasle zein ikasleek aurtengo matrikulazio kanpaina aurkeztu dute. Irailaren 30era arte izen emateko epea irekita izanen da Bortzirietako Euskaltegian eta helduen euskalduntze-alfabetatzeko gainerako ikastegietan. Aurten, bereziki, azpimarratu nahi izan dute Bortzirietan euskara ikastaroak % 100ean diruz laguntzen direla, doakotasunaren bidean abian jarri zen dirulaguntza sistemari esker.
Aurkezpenean hitza hartu dute Leire Mitxelenak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakariak, Monika Agirrek, Bortzirietako Euskaltegiko irakasleak, eta euskaltegiko bi ikaslek: Eli Canterok eta Pedro Riquelmek.
Euskara mankomunitatearen konpromisoa
Leire Mitxelenak euskara mankomunitatearen konpromisoa berretsi du euskara ikastea herritar guztien eskura egon dadin. Bortzirietan erroldatuta dauden 16 urtetik goitiko herritarrek % 100eko dirulaguntza dute euskara ikasteko eta gainera dirulaguntzaren zatirik handiena ikasturte hasieran hartzen ahal dute. Asmoa da ahalik eta erraztasun gehien ematea egoera ekonomikoa ez dadin izan eragozpena. Izan ere, euskara ikastea herritar guztien eskubidea da eta doakotasuna bermatuta egon beharko luke. Eskaerak urriaren 10era arte egiten ahal dira.
Euskara mankomunitatetik dei egin nahi diete euskara ez dakiten herritarrei euskarara hurbildu eta euskara ikasten has daitezen. Euskara zertxobait jakin edo bere hizkuntza izanagatik irakurtzeko eta idazteko nekez moldatzen direnei, horiei guztiei ere deia egin nahi diete euren prozesuan aitzinera egin dezaten, euskara landu dezaten.
Mankomunitateko lehendakariaren arabera, azken urteotan nabaritu dute hainbat herritarrek, bereziki berriki gure eskualdera bizitzera etorri direnek, ez dutela euskara ikasteko dirulaguntza aukeren berri. Bortzirietako eredua berezia da: 700 €ra arteko mugarekin (ohiko edozein ikastaro merkeago da), ikastaroa hasi eta berehala ordaindutakoaren % 75 bueltatzea eskatzen ahal da. Gainerako % 25a ikasturte akabailan hartzen da, bertaratzea eta aprobetxamendua egiaztatzen direnean.
Dirulaguntza eskatzeko: 948 634125 / euskara@bortziriak.eus
Informazio guztia hemen.
Bortzirietako Euskaltegian ikastaro eskaintza oparoa
Monika Agirrek azaldu duenez, matrikulazio bete-betean daude une honetan, joan den urteko ikasleekin berriz ere harremanetan jartzen, izen emate berriak tramitatzen, komunikazio lanetan, eta abar. Bortzirietako Euskaltegiak maila guztietako ikastaroak eskaintzen ditu, A1etik C1era. Aurrez aurreko ikastaroak izaten dira gehienak, astean 4 ordukoak. Taldeak astean bitan elkartzen dira eta 2 orduko eskolak izaten dira egun bakoitzean. Horrez gain, badira online ikastaroak, eta ikasleen beharren arabera ere ikastaro erdi presentzialak planteatzen dituzte. Oro har, saiakera egiten dute ikasleen ezaugarri eta beharretara egokitzeko eta ibilbide pertsonalizatuak proposatzeko.
Metodologiari dagokionez, ikastaro hurbilak proposatzen dituzte, lagun eta familia girokoak. Helburua da euskaraz solastatzeko gai izanen diren hiztunak sortzea, egunerokoan euskara erabiltzeko gai izanen direnak. Beraz, euskara ikasi bai, baina ongi pasatzea ere bada helburua.
Euskaltegian izen emateko: 948 637796 / bortziriak@ikaeuskaltegiak.eus
Euskara ikasleen erranak
Eli beratarra da eta bere familia Extremaduratik heldu zen Euskal Herrira. Bere garaian ikasketak A ereduan egin zituen eta gramatika zertxobait ikasi bai, baina ez zuen solastatzen ikasi. Berak euskaraz solastatu nahi zuen eta euskaltegian eman zuen izena orain dela 3 urte. Euskaltegiari eta euskara mankomunitateari eskerrak eman dizkio eta hitz goxoak izan ditu bere irakasle Beñardorentzako. Hizkuntzaren ikasketa harremanekin eta bertze aisialdi aktibitate batzuen eskutik joan da urteotan, 4 ordu dira astean eta sumatzen du geroz eta gehiago euskaraz aritzeko gai dela, prentsaurrekoan euskaraz aritu izana horren erakusgarri.
Pedro Madriletik etorri zen bizitzera Lesakara erretiroa hartuta eta orain dela hiru urte hasi zen euskaltegian, 0tik. Oraindik behe urratsetan badabil ere, prentsaurrekoan euskaraz egitera ausartu da. Gustatzen zaio euskara eta bere helburua da bertako jendearekin harremanak euskaraz izatea. Pixkanaka ikasten ari da eta pozik dabil euskaltegian. Bere ametsa da etorkizunean euskaraz solastatu ahal izatea.
Maite Larbururen kontzertua
Matrikulazio kanpaina girotzeko, euskara mankomunitateak eta euskaltegiak elkarlanean Maite Larbururen kontzertua antolatu dute, irailaren 19an, ortziralearekin, 20:00etan hasita, Berako kultur etxean. Sarrera debalde izanen da.