Xaldun Kortin, jolastu gurekin!
Bortzirietako Euskara Mankomunitateak ahozko ondarea biltzeari ekin ondotik, hainbat eta hainbat herri eta eskualdek jarraitu zioten bide horri. Ondare ez-material mardula bildu ahal izan zen horrela. Hori azterturik, ikusi zen ondare horren zati handi bat (ipuinak, kantuak, aho-korapiloak…) etxeko txikienei transmititu ohi zitzaiela.
Hori oinarri hartuta, argitalpen multimedia hau (liburua, CDa eta DVDa) prestatu zuten 2014an mankomunitateak, Euskokultur Fundazioak eta Labrit Multimediak elkarlanean. Arrakasta handiko materiala izan da, 3. edizioa agortzear baita. Gaur egun, Nafarroako Gobernuaren ekimenari esker, materiala online aurki daiteke.