Maite dut euskara, baita lanean ere!

Irailaren 29ra arte izen emateko epea irekita izanen da Bortzirietako Euskaltegian eta helduen euskalduntze-alfabetatzeko gainerako ikastegietan. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Bortzirietako Euskaltegiak elkarlanean hiru bideo egin dituzte. Maila ezberdinetako hiru euskara ikasle dira protagonistak, eta euren ikasketa esperientzia eta euskarak lan arloan duen garrantzia dituzte hizpide. Bideo hauen helburua da, aitzineko urteetan egindakoen ildotik, hiztun berriek eta euskara ikasleek komunitateari egiten dioten ekarpena ikusarazi eta aitortzea, eta, horrekin batera, herritarrak euskara ikastera eta hobetzera animatzea.

Euskara mankomunitateak bere konpromisoa berretsi nahi du euskara ikastea herritar guztien eskura egon dadin. Bortzirietan erroldatuta dauden 16 urtetik goitiko herritarrek % 100eko dirulaguntza jasotzeko aukera dute euskara ikasteko eta gainera dirulaguntzaren zatirik handiena ikasturte hasieran hartzen ahal dute. Mankomunitateak ahalik eta erraztasun gehien eman nahi du egoera ekonomikoa ez dadin izan eragozpena euskaltegian matrikulatzeko. Izan ere, euskara ikastea herritar guztien eskubidea da eta doakotasuna bermatuta egon beharko luke. Eskaerak urriaren 13ra arte egiten ahal dira eta telematikoki aurkezten ahal dira, hemen.