Bortzirietako aniztasun eguna komunitatea egiteko

Maiatzaren 31n Bortzirietako Hizkuntza eta Kultura Aniztasun Eguna ospatu zen Lesakan eta antolatzaileek, mankomunitateko euskara eta berdintasun zerbitzuek, eta Bortzirietako Hizkuntza eta Kultura Aniztasun Taldeak giroari eta parte hartzeari buruzko hagitz balorazio baikorra egin dute. Aniztasun egunak aisialdia eta aldarrikapena uztartu zituen. Bortzirietako herritarrek elkar ezagutzeko parada izan zuten, jostatzeko, dantzatzeko, mokadu bat hartzeko eta musikaz gozatzeko. Bortzirietako elkarbizitza ospatzeaz bat, eskubideak, berdintasuna eta harrera duina aldarrikatzeko, eta aniztasuna zein euskararen biziberritzea erdigunean paratzeko ekitaldia izan zen.

Aniztasun eguna goizeko 11:00etan hasi zen. Hasteko, LH5 eta LH6ko ikasleek idatzitako mezuekin pankarta osatu zuten, kioskoan paratzeko. Ordurako jendea hurbiltzen hasia zen Elutsa txarangaren doinuen laguntzarekin. 11:30ean jolasean aritu ziren La Rayuela jokoan, batez ere haurrak. Plaza Zaharraren erdian pintatu zituzten zenbakiak eta burutxoa. 12:00etatik aitzinera dantza latinoen txanda izan zen, Lesakako Barbarok gidatuta. Salsa, Merengea, eta Bachata praktikatu zituzten, bertzeak bertze. Hor haurrak eta helduak aritu ziren batera dantzan. Ordurako hasia zen plaza betertzen, janari postuak prestatzen ari ziren bitartean.

13:00etan ekitaldia izan, Lesakako Nacho eta Agustina Machadok (euskaraz), eta Berako Michelle Osoriok eta Lesakako Monicak Ruizek (gaztelaniaz) irakurri zuten aniztasun taldeak egunerako propio prestatu zuen adierazpena. Ordurako jende aunitz zegoen plazan.

Adierazpena

Segidan,  13:30ean janari dastaketa hasi zen zen, ekintzarik jendetsuena inondik ere. Platerak 2 €an paratu zituzten salgai eta sekulako ilara egin zen, nahiz eta agudo xamar banatu ziren platerak. Bertaratuek jaki eta edari goxoak dastatu ahal izan zituzten: takoak eta buñueloak, arepak eta limonada, Butterkuchen (postrea), Caipirinha, txokolatezko torta, Fideuá, olagarroa “cacheloekin”, Coxinha eta Caipirinha, enpanadak eta salpikoia, escalivada i pa amb tomata, patata betea eta “aguapanela, saltxitxak eta gazta tarta, haragi enpanadak eta ajoarrieroa.

Bukatzeko, bertaratuek mokadua egiten zuten bitartean, Roda do Leo taldearen kontzertua hasi zen (musika brasildarra). Goiz osoan aurkezle lanetan Paola Oskoz lesakarra aritu zen, eta hagitz ongi josi zuen ekitaldien haria. Horrela eta giro politean akabatu zen aniztasun eguna, betea-betea eta zapore ona utzi zuena. Elkar ezagutu, ongi pasatu, komunitatea egin eta aldarrikatzeko eguna izan zen. Bortzirietako Hizkuntza eta Kultura Aniztasun Taldeak hagitz balorazio baikorra egiten du eta eskerrak eman nahi dizkie euren laguntza eman zuten eta parte hartu zuten herritar guztiei. Bereziki eskerrik zintzoenak eman nahi dizkiete mimoz jaki eta edari goxoak prestatu zituztenei. Laister batean balorazio bilera egin eta udatik aitzinera atsedena hartuko dute.