Honako hau etorri berriei harrera egiteko espreski Bortzirietan egiten den bigarren bideoa da, lehenbizikoa 2019an egin zen. Bideoaren helburua da Bortzirietara ailegatzen diren migratzaileei harrera egitea, aniztasuna aitortzea eta euskarari buruzko informazioa eta baliabideak eskaintzea. Gidoiaz eta ekoizpenaz euskara zerbitzua arduratu da eta grabazioa eta edizioa Katubiko Oier Fuentesek egin ditu.
Ekoizpen berri honek zenbait berritasun dakartza, alde batetik, arrazakeriaren aurkako ikuspegia berariaz eta modu esplizituan jorratzen da, eta, bertzetik, Bortzirietako herritar anitzei ahotsa eta ikusgarritasuna ematen zaie. Bideoak osorik 5 minutu eta 28 segundoko iraupena du, eta asmoa da etorkizunean hiru bideo labur egitea. Herritar orok ikusteko modukoa bada ere, bereziki zuzendua dago migratzaileei, Bortzirietara bizitzera heldu berri diren pertsonei.
Protagonistak
Bideoaren protagonista dira Beni Nibal (jatorria Dominikar Errepublikan duen beratarra); Estitxu Elgorriaga (guraso lesakarra, aniztasun taldeko kidea); Patxi Castillo (Bortzirietako Mankomunitateko lehendakaria eta Berako udal ordezkaria); Leire Mitxelena (Bortzirietako Mankomunitateko ordezkaria eta Arantzako udal ordezkaria); Anca Maria Baies (jatorria Errumanian duen beratarra, errumanieraz); Aitor Iratzoki (irakaslea); Nacho Machado (ikasle ohia, lesakarra, txikitan Uruguitik etorria); Michelle Osorio (jatorria Kolonbian duen beratarra); Beñardo Goietxe (euskaltegiko irakaslea) eta Karim Zarhouni (jatorria Andorran duen etxalartarra).
Hizkuntzak
Bideoko protagonistek euskara, gaztelania eta errumaniera darabilte. Euskaraz eta gaztelaniaz gain, bideoa bertze 8 hizkuntzatan azpititulatua dago: arabiera, errumaniera, errusiera, frantsesa, ingelesa, katalana, portugesa eta ukrainera.
