D’Capricho taldearen kontzertua Bortzirietako euskalduntze kanpaina aurkezteko

Bortzirietako Euskaltegian izen emateko epea irailaren 1etik 30era egonen da irekita, eta kanpainari hasiera emateko euskara zerbitzuak eta Bortzirietako Euskaltegiak D’Capricho bikotearen kontzertua antolatu dute Beran, irailaren 11n, ortziralearekin, 20:00etan. Bortzirietako Euskaltegian eta helduen ikastegietan matrikulatzeko epea irekiko den honetan, mankomunitateak euskara ez dakiten herritarrak euskaltegian izen ematera gonbidatu nahi ditu, baita herritar guziak ere, oro har, euren euskara maila landu dezaten.

Aurten, Bortzirietako Euskaltegiak berariaz eginen duen matrikulazio kanpaina indartzeko honako jarduera eta ekitaldiak aurreikusi ditu euskara mankomunitateak:

  • Irailean zehar udalek bandoa zabalduko dute udalerrian barrena.
  • Irailaren 11n, D’Capricho taldearen kontzertua izanen da Beran, Herriko Etxeko Plazan, 20:00etan. 19:30ean ikasle, irakasle eta mankomunitateko ordezkariek agerraldia eginen dute.
  • Irailaren akabailan, euskara mankomunitateak mezua bidaliko die ikastetxe eta guraso elkarteei matrikulazioari eta dirulaguntzei buruzko informazioa euren sareen bidez zabal dezaten.

Mankomunitatearen konpromisoa euskara ikasteak diruz laguntzeko

Aurten berritasunak izanen diren mankomunitatearen dirulaguntza deialdian. Hartara, euskara ikasleek bi data hartu behar dituzte kontuan, mankomunitatearen dirulaguntza eskatzeko epea urriaren 9ra arte egonen da irekita eta Euskarabidearen dirulaguntza eskatzekoa azaroaren 3ra arte.

Aurtengo deialdiak bi talde bereizten ditu, A1 eta A2 mailako ikasleek Euskarabideari eskatu beharko diote dirulaguntza, eta deialdi honek izaera osagarria izanen du. B1, B2, C1 eta C2 mailako ikasleentzat ez da izanen aldaketarik eta urtero bezala eginen dira eskaerak. Banaketa honen arrazoia da gaur-gaurkoz Euskarabidearen deialdiak hasmentako mailetan ia-ia doakotasuna bermatzen duela, eta mankomunitateak sustatu nahi duela Bortzirietako herritarrak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza lerroaren onuradun izatea, deialdi honen oinarrian dagoen doakotasunaren helburuari kalterik egin gabe. Hartara, A1 eta A2 mailako ikasleentzat deialdi honek izaera osagarria izanen du.

Dirulaguntza eskatzeko aholkularitza eta laguntza teknikoa

Dirulaguntza egoitza elektroniko bidez aurkeztu beharra da edo bertzelako ohiko bideak erabilita. Aurtengo deialdian izan diren berrikuntzak kontuan hartuta, euskara zerbitzuak dirulaguntza eskaera egiteko aurrez aurreko laguntza eta aholkularitza eskainiko dizkie herritarrei. Egun, ordutegi eta toki zehatzak irailaren 7ko astean jakinaraziko dira.