Pello Apezetxea Zubiri ikerketa beka
Bortzirietako Euskara Mankomunitateak Pello Apezetxea Zubiri Ikerketa Beka antolatu du, Euskaltzaindiarekin elkarlanean, bi aldeek helburu horretarako sinatu zuten lankidetza hitzarmenaren abaroan. Deialdi honen xedea da soziolinguistika, dialektologia edota onomastika arloetarako ikerketa sustatzea da, baita Pello Apezetxea Zubiri euskaltzalea omentzea ere. Beka deialdi hau lau urtean behin eginen da. Hortaz, hurrengo deialdia 2027an egitea aurreikusten da.
Lehen deialdia udaberrian egin zen eta, hutsik gelditu zenez, bigarren deialdia egin zen 2023ko udazkenerako. Bigarren horretara sei eskatzailek aurkeztu zituzten beren proposamenak, eta puntuaziorik altuena lortu zuen proiektua Jon Martin Etxebestek, Paula Laita Pallaresek eta Ane Osua Cabidak landutako Bortzirietako hizkuntza aniztasuna eta migratzaileen euskararekiko pertzeptzioak eta jarrerak izenekoa izan zen.
Oinarrietan ezarri bezala, ikertalde horrek zortzi hilabeteko epea izan du ikerketa garatzeko eta epaimahaiari aurkezteko. Iruñean irailaren 30ean egindako agerraldian aurkeztu dute azterlana. Antolatzaileen eta epaimahaiaren arabera, «ikerketa osoa eta landua» aurkeztu du lantaldeak, eta, gainera, «ikerketa teknika berritzaileak erabili dituzte, Haur Hezkuntzan egindako esplorazio esperimentala, kasurako». Azterlan honen emaitza osorik argitaratuko da Euskaltzaindiaren Jagon bilduman.

Nor zen Pello Apezetxea Zubiri?
Pello Apezetxea Zubiri (1932-2022) arlo aunitzetako ikertzailea, ekintzailea eta sustatzailea izan zen. Baina bereziki nabarmentzekoa da euskara babesteko, ikertzeko eta sustatzeko egin zuen lana. 2004. urtean ohorezko euskaltzain izendatua izan zen.
Bere bizitzaren zatirik handiena Bortzirietan, Etxalarren, eman zuen, eta ezinbertzeko erreferentea da eskualdean euskara biziberritzeko prozesuan. Etxalarren bertan, ikastolaren sorreran, eskolan euskarazko hezkuntza ezartzeko prozesuan; eskualdean, helduen euskalduntze-alfabetatzean, tokiko komunikabideetan, etab.
Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen sorreran bultzatzaile nagusietako bat izan zen. Geroztik ere, mankomunitatearen ibilbide osoan, osasunak eragotzi zion arte, Etxalarko Euskara Batzordeko kide eta Aholkularitza Batzordeko kide izan zen. Hortaz, mankomunitateak Pello Apezetxea zena omentzeko xedez antolatu du ikerketa beka hau.

Pello Apezetxea Zubiri Ikerketa Bekaren emaitza aurkeztu dugu
Bortzirietako hizkuntza aniztasuna eta migratzaileen euskararekiko jarrerei buruzko ikerlana aurkezteko agerraldia egin da Euskaltzaindiaren Nafarroako egoitzan. Jon Martin Etxebestek, Paula Laita Pallaresek eta Ane Osua Cabidak osatutako lantaldeak aurkeztutako egitasmo hori izan zen saritua Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Euskaltzaindiak Pello Apezetxea Zubiri euskaltzalea omentzeko antolatutako lehen beka deialdian. Emaitzak aurkezteko agerraldian izan dira hiru bekadunak, Sagrario Aleman Astitz Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariarekin eta Leire Mitxelena Gamio Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakariarekin batera.
Hizkuntza aniztasuna eta migratzaileen euskararekiko jarrerak aztergai Pello Apezetxea Zubiri bekaren bidez
Aurkeztutako sei proiektuetatik, Jon Martin Etxebestek, Paula Laita Pallaresek eta Ane Osua Cabidak landutako Bortzirietako hizkuntza aniztasuna eta migratzaileen euskararekiko pertzepzioak eta jarrerak lana izan da puntuaziorik handiena lortu duen proiektua.
Taldeak 7.000 euroko beka jasoko du eta emaitzak 2024ko irailean aurkeztu beharko ditu. Ikerketa honen ondorioak zabaltzeko aurkezpenak eta hitzaldiak antolatuko dira Bortzirietako herrietan.