Pello Apezetxea Zubiri ikerketa beka

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak Pello Apezetxea Zubiri Ikerketa Beka antolatu du, Euskaltzaindiarekin elkarlanean, bi aldeek helburu horretarako sinatu zuten lankidetza hitzarmenaren abaroan.

Deialdi honen xedea da soziolinguistika, dialektologia edota onomastika arloetarako ikerketa lan bat egiteko beka ematea eta Pello Apezetxea Zubiri euskaltzalea omentzea.

Deialdi hau urtean behin eginen da. Bekaren saria 7.000 eurokoa izanen da. Ikergaia eta gainerako baldintza guziak edizio bakoitzeko oinarrietan jasoko dira.

OHARRA: dokumentazioa aurkezteko esteka zuzena honakoa da: https://egoitzaelektronikoa.bortziriak.eus/carpetaciudadana/tramite.aspx?idtramite=1521

II. Pello Apezetxea Zubiri ikerketa beka-2023

Ikerketa arloak honakoak izanen dira: soziolinguistika, dialektologia eta onomastika. Arlo horietan gai aunitz ikertzen ahal dira, bertzeak bertze honako hauek:

ARLOAAUKERAKO GAIAK
SoziolinguistikaTokiko hedabideen eragina euskararen biziberritzean
Helduen euskalduntzea: ikastetik erabilerarako jauzia udalerri euskaldunetan
Immigrazioa, harrera, hizkuntza eta kultura aniztasuna eta euskara udalerri euskaldunetan
Gaztelaniaren erabilera goiztiarra udalerri euskaldunetako haurren artean
DialektologiaBortzirietako hiztegia
Bortzirietako hizkera administrazioan, hezkuntzan eta tokiko hedabideetan erabiltzeko oinarriak
OnomastikaToponimia xehearen hedapena eta erabileraren sustapena

Aukerako gai horiez gainera aipatutako hiru arloekin zerikusia duten bertzelako gaiak  ere proposatzen ahal dira.

Interesatuak banaka nahiz taldeka aurkeztu ahal izanen dira beka honen deialdira. Urriaren 29ra arteko epea izanen dute beren proposamenak aurkezteko. Beka esleitu ondotik, bekadunek zortzi hilabeteko epea izanen dute beren ikerketa garatzeko. Bekadunak 7.000,00 euroko saria jasoko du egindako ikerketa lanarengatik.

Gainerako xehetasunak oinarrietan jasota daude. Deialdiaren inguruko zalantzak argitzeko:
948 634 125 / euskara@bortziriak.eus.

Oinarriak Pello Apezetxea Zubiri II deialdia 231023

Eskaera orria

33-2023 Ebazpena, PAZIB emaitzak eta lan saritua

Argazkiaren egilea: Ttipi-ttapa

Nor zen Pello Apezetxea Zubiri?

Pello Apezetxea Zubiri (1932-2022) arlo aunitzetako ikertzailea, ekintzailea eta sustatzailea izan zen. Baina bereziki nabarmentzekoa da euskara babesteko, ikertzeko eta sustatzeko egin zuen lana. 2004. urtean ohorezko euskaltzain izendatua izan zen.

Bere bizitzaren zatirik handiena Bortzirietan, Etxalarren, eman zuen, eta ezinbertzeko erreferentea da eskualdean euskara biziberritzeko prozesuan. Etxalarren bertan, ikastolaren sorreran, eskolan euskarazko hezkuntza ezartzeko prozesuan; eskualdean, helduen euskalduntze-alfabetatzean, tokiko komunikabideetan, etab.

Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen sorreran bultzatzaile nagusietako bat izan zen. Geroztik ere, mankomunitatearen ibilbide osoan, osasunak eragotzi zion arte, Etxalarko Euskara Batzordeko kide eta Aholkularitza Batzordeko kide izan zen. Hortaz, mankomunitateak Pello Apezetxea zena omentzeko xedez antolatu du ikerketa beka hau.