Familiak D eredura animatzeko kanpaina

Laster matrikulatu beharko dituzte eskolaren batean lehen aldiz  2021ean jaiotako haurrak dituzten familiek. Horren harira kanpainatxoa egin dute Berako Udalak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, familiak animatuz seme-alabak D ereduan matrikula ditzaten. Udaletik berriki jaso duten eskutitzean azpimarratzen zaie D eredua dela azken hamarkadotan gure eskualdeko gurasoen gehiengoak hautatu dutena. Hain zuzen, 2023-2024 ikasturte honetan Beran 3 urteko gelan hasitako ikasleen % 92,3 D ereduan eskolaratu da.

Horrez gain, aipatzen zaie gurasoek edo gurasoetako batek euskaraz ez jakinda ere, haurrarentzat D eredua dela egokiena, etxean nekez ikasiko duen hizkuntza eskolaren bidez ikasi ahal izanen duelakoz. Gainera, gure inguruan euskarak presentzia du haurren harremanetan, aisialdian nahiz eskolaz kanpoko jardueretan, eta, aukerak baliatuz gero, euskara erabiltzeko eta indartzeko aukera izanen dute.

2022 eta 2023 urteetan jaiotako haurrak dituzten familiek ere antzeko eskutitza jaso dute. Izan ere, urte pare baten barrenean haiek ere, umea eskolaratzearekin batera, ikasteredua hautatu beharko dute.

Bereziki erreparatu zaio gure eskualdera kanpotik etorritako familiei, gero eta ugariagoak baitira. Hori dela eta, eskutitzarekin batera D ereduaren inguruan gurasoek maiz egiten dituzten galderei erantzuna ematen zaie, honako hizkuntza hauetan: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, portugesez, ingelesez, errumanieraz, bulgarieraz eta arabieraz.

Beran ez ezik, Arantza, Etxalar, Igantzi eta Lesakan ere kartelak jarri dira, herri horietan ere gero eta gehiago baitira kanpotik etorritako familiak. Beraz, D ereduaren inguruko galdera-erantzun horien berri ematen da kartelean. Aipatutako hizkuntza horietara QR bidez sartzeko aukera ematen du.

D eredua-argudioak. Kartela Bortziriak