UDALEKU IREKIAK BORTZIRIETAN

Azken urteotan ohi denez, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak udaleku irekiak antolatu ditu. Aurten Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea, Dindaia Fundazioa eta Lagunekin Jolasean elkartea arituko dira mankomunitatearekin batera udalekuak antolatzen eta programazioa prestatzen, eta bi enpresa horietako begiraleak arituko dira lanean udalekuetan.

Arantzan, Beran eta Etxalarren udalekuak uztailaren 7an hasiko dira, eta abuztuaren 1era arte arituko dira. Lesakako eta Igantziko kasuan, udalekuak uztailaren 14an hasiko dira, eta abuztuaren 8an bukatuko. Herri guztien kasuan, udalekuak astelehenetik ortziralera izanen dira, goizeko 10:00etatik 13:00ak arte.

Izen ematea

Izen ematea maiatzaren 19an, astelehena, hasiko da, eta zabalik egonen da maiatzaren 30era arte, ortzirala. Bi bide izanen dira izen emateko: bata, mankomunitatearen web orriaren bitartez (www.bortziriak.eus), eta bertzea telefonoz deituta (948634125, 9:00etatik 13:00ak arte). Taldea sortzeko beharrezkoa da herri bakoitzean gutxienez 8 neska-mutikok izen ematea.

Udalekuetan onartuak izateko lehentasuna izanen dute Bortzirietan erroldatuak eta bertako ikastetxeetan (D eta B ereduetan) matrikulatuak dauden neska-mutikoek. Baldintza horiek betetzen ez dituzten neska-mutikoek ere izen ematen ahalko dute, baina itxaron zerrendetan geldituko dira, eta epea bukatu eta gero, taldeak antolatzen direnean, jakinaraziko zaie onartuak izan diren edo ez.

Matrikulari dagokionez, ume bat apuntatuz gero, 90 € balio du; bi anai-arreba baldin badira, 150 €; hiru anai-arreba izanik, 180 €. Ordainketa egiteko epea ekainaren 6an bukatuko da.

Bi eskaintza

Udaleku irekietan adinaren arabera bi eskaintza egiten dira. Batetik, 3-6 urte bitartekoek udalekuetako ohiko ekintzak izanen dituzte. Bertzetik, 7-12 urte bitartekoentzat adin tarte horri egokitutako sormen tailerrak izanen dira, hau da, musika eta dantza tailerrak, ura eta naturarekin lotutako tailerrak, sukaldaritza, birtziklaia, txangoak, piratak, esku lanak…

Arrakasta handiko eskaintza

Urteak daramatza mankomunitateak udaleku irekiak antolatzen, eta gaur egun arrakasta handia dute. Azken urteotan 150 neska-mutikok izen eman dute udalekuetan, eta 21 begirale aritu dira lanean.

Gainera, azken edizioetan behar bereziak dituzten neska-mutikoek ere udalekuetan parte hartzeko aukera izan dute, eta gainerako umeekin integratzeko aukera paregabea izan dute.

Mankomunitateak udalekuak antolatzeko helburu nagusia da neska-mutikoei udako oporraldietan eta aisialdia bezalako eremu informal batean euskaraz gustuko dituzten ekintzak eskaintzea. Egia da, bertzalde, gaur egun udaleku hauek funtzio sozial bat ere betetzen dutela. Izan ere, etxetik kanpo lan egiten duten gurasoentzat abantaila da horrelako eskaintza bat izatea, lana eta familia uztartzeko aukera ematen baitie.

Izen ematea