Igantziko kultur egunak bete-bete datoz

Kultur egunak abenduaren 8tik 11ra bitartean izanen dira, eta programa oparoa izanen da egun horietan:

Abenduak 8, ortzeguna

Azken urteotan egin bezala, Igantziko Biltoki arduratu da egun honen antolaketaz. Eguerdiko 12:00etan hasita, toka txapelketa izanen da frontoian. Ordu berean, frontoian bertan, ajoarrieroa prestatzen hasiko dira lehiaketan izen eman dutenak. Ondotik, 13:00ak aldera, ajoarrieroa dastatzeko aukera izanen da, eta zozketak eta sari banaketak eginen dira. Arratsaldeko 18:30etik aitzinera, opil jatea izanen da frontoian bertan.

Abenduak 9, ortzirala

Bigarren urtez, haur eta adinekoen arteko joko topaketa eginen da, 4:30etik aitzinera, Baratzondon. Topaketa honen helburua da herriko haurrak eta adinekoak elkartzea, eta adinekoek garai bateko jokoak erakustea haurrei. Ondotik, 6:00etan eta toki berean, gaztain jatea izanen dute.

Arratsaldeko 7:00etan, Gutik Zura dokumentalaren emanaldia izanen da, Eskolzarren. Dokumental hori aurtengo Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten Jon Maia eta Mari Jose Barriola zuzendariek, eta euskal herritarrek historian zehar gaur egunera arte zurarekin izan duten harremanaren berri ematen du. Barriola zuzendaria bertan izanen da, dokumentala aurkezten.

Ondotik, gaueko 10:30ean, Oihan Vegaren Euskararen espektakulue izeneko monologoa  izanen da, Baratzondon. Umorea eta sarkasmoa erabiliz, euskararen erabileraren inguruko hausnarketa egitera gonbidatzen gaitu Oihan Vegak bakarrizketa komiko dibertigarri eta ironiko honekin, musikaz, kantuez eta zineaz lagunduta.

Abenduak 10, larunbata

Larubatean ere haurrentzako ekitaldiak izanen dira Baratzondon. Arratsaldeko 4:00etan hasita, Tor Magoarekin tailerra izanen dute, eta hainbat truko ikasi ahal izanen dituzte. Ondotik, Tor Magoaren emanaldia izanen da. Bukaeran, 6:00ak aldera, txokolatada izanen da.

Arratsaldeko 7:00etan, Oihana Txoperenarekin solasaldi bat izanen da, Nire ibilbidea fisikaren eskutik izenburupean. Oihanak aurtengo apirilean defendatu zuen bere tesia Euskal Herriko Unibertsitatean, eta herritarrei bere esperientziaren berri emanen die. Solasaldia Eskolzarren izanen da.

Gaueko 9:00etan, antzerki emanaldia izanen da Baratzondon. Nomofobikak taldea etorriko da, “Sarean kateatuak” lanarekin. Nomofobia aitzakiatzat hartuta, hiru emakumek ikusleekin batera terapia bati egingo diote aurre.

Hasteko elkarrekin test bat egiten dute menpekotasuna zenbatekoa den neurtzeko. Ondoren gizartean hain hedatuta dagoen gaitz hau, kasu ezberdin ugaritan ikusteko parada izango dugu: ofizio ezberdinetako langileek, umeek, nerabeek, adineko emakumeek, batzuetan sketch tankeran eta bestetan bakarrizketa gisa, euren bizipenak aurkeztuko dizkigute, beti ere umorea lagun, burua astintzeko asmotan..

Abenduak 11, igandea

Eguerdiko 12:00etatik aitzinera, herriko dantza taldeak emanaldia eskainiko du, herrian barrena. Eta kultur egunei bukaera emateko, arratsaldeko 6:00etan Lesakako Hiruklun antzerki taldearen emanaldia izanen da, Baratzondon. Taldea Lesakako hiru aktorek osatzen dute (Gotzone Rekondo, Mª Eugenia Arriola eta Maite Bidarte), eta “Vini, vidi, vinci” antzezlana eskainiko dute.