“Bidasoa 2018-2023” dokumentalaren emanaldia

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, eta bere altzoan berriki sortu den hizkuntza eta kultura aniztasun taldeak antolatu dute Fermin Muguruzak zuzendutako dokumentalaren emanaldia, abenduaren 17an, igandearekin, 18:00etan, Berako Kultur Etxean.

Euskara mankomunitateak ibilbide eta jatorri ezberdinetako herritarrekin jorratu nahi ditu, etorri berrien harrera, integrazioa eta kultur aniztasunaren gaiak. Honako hauek dira talde horren helburuak: hizkuntza eta kultura aniztasuna balorean jartzea, herritarrek elkar ezagutzea, gai hauekiko sentsibilizazioa lantzea eta jatorri anitzetako herritarrei euskara hurbiltzea.

Hizkuntza eta kultura aniztasuna lantzeko taldearen asmoa da heldu den urteko udaberrian jardunaldi bat antolatzea (halakoak egin izan dira iraganean, “Mugarik Gabe” jardunaldiak antolatzen ziren garai batean). Bidasoa 2018-2023 dokumental emanaldiaren bidez, herritarrak sentsibilizatzeaz gain, euren burua ezagutzera eman nahi dute. Bidez batez, jatorri anitzetako herritarrak animatu nahi dituzte talde horretan parte hartzera.

Bidasoa 2018-2023

2018ko udan Frantziak ezarri zituen Pirinio-Atlantikoko Bidasoako muga naturalaren pasagune batzuen kontrola eta itxierak, Europako gainontzeko herrialdeetara igarotzeko etorkinen sarrera eragozteko, 10 hildako eragin zituen urtebetean. Zazpi pertsona hil dira 2021eko apiriletik Irun eta Hendaia arteko Bidasoa ibaiko uretan itota, eta beste hiruk bizia galdu zuten 2021eko urrian, Ziburun tren batek harrapatuta. Dokumental honek, ibaiaren bi aldeetako hainbat ekintzaileri ahotsa eta aurpegia emateaz gain, Harrera Sarea eta Bidasoa elkarteetako ordezkariak, bizia galdu dutenak ere gogoan izanen ditu; izena, adina, bidaia eta ametsak, hildako kopuru hotzen gibelean dagoen istorioa eta pertsonak ezagutuz, modu honetan tragedia gizatiartuz.